top of page
Buscar
  • Akordaten

Memoria eta antifaxismoa ardatz dituen kanpaina aurkeztu du Ernaik

Actualizado: 6 abr 2022

'Aurrera Gara Gaur. Memoria eta antifaxismoa' kanpaina hasi du Ernaik. Borroka antifaxista aberasten eta indartzen euren aletxoa ipini gura dutela azpimarratu dute Gernika-Lumon egindako aurkezpenean.



Aurrera Gara Gaur. Memoria eta antifaxismoa kanpainari hasiera eman dio Ernaik, eta atzo arratsaldean (martxoak 24) Gernika-Lumon egindako agerraldian eman zituzten horri buruzko zehaztasunak.

Busturialdeko, Lea-Artibaiko, Durangaldeko, Txorierriko, Uribe Kostako, Hego Uribeko, Ezkerraldeko, Bilboko, Debabarrenako, Debagoieneko, Buruntzako eta beste hainbat eskualdeetako Ernaiko kideak batu ziren kanpainaren aurkezpenean, eta adierazi zuten borroka antifaxista aberasten eta indartzen euren aletxoa ipini gura dutela.

Gaur egun faxismoaren eta eskuin muturraren “gorakada ikusita, aurrean daudela” adierazi gura diote euskal jendarteari: “Aurrean gara gaur! Faxismoa egun gure artean bizi da, espazioak irabazten. Beste hamaika borrokekin bagaude, eta gero eta gehiago izango gara”.

1978ko Erregimena eta nazioarteko eskuin muturraren gorakada faxismoaren “oldarraldi” berri baterako agertokia direla uste dute, baita horren eragina bizitzen ari garela ere. Diotenez, besteak beste, gizarteko hainbat gaietan agenda markatzeko gaitasuna dauka eskuin muturrak, autoritarismoaren gorakada bortitza bizi dugu eta indar polizialetan eta estatuko aparatu zehatz batzuetan faxistak sartu dira.

Euren hitzetan, milaka eta milaka gazte dira mota guztietako borroketan, jendarte zein Euskal Herri aske baten alde antolatzen direnak: “transmaribibollo borrokan, feminismoan, Euskal Herria harrera herri bihurtzeko lanean, euskalgintzan, Euskal Herriaren aitortzaren aldeko borrokan eta bestelako borroka eta proiektu eraldatzaileetan”. Horietan antifaxismoa “bizi-bizirik” dagoela deritze: “Eta horietan egiten den lana txalotu nahi dugu, etorkizuneko Euskal Herri aske eta antifaxista eraikitzen ari direlako”.

Gogoratu dute 1960ko hamarkadatik aurrera arlo horietan eta beste hainbat borroketan lan handia egin dela, eta aitortza egin nahi diete borroka horiei: “Urte luzeetako borroka nekaezina egon da. Aitortza egin, horietatik ikasi eta egungo borroketan gure aletxoa jartzeko asmoa daukagu”.

Faxismoari erantzun “zehatzak” ematea beharrezkotzat jo dute, eta diotenez, “behar den guztietan egingo dute, gazteak lehen lerroan baitaude”. Horrekin batera, nabarmendu dute ezinbestekoa dela faxismoak lekurik izango ez duen Euskal Herriaren eraikuntzaren lerratzea.

Orain 85 urte Euskal Herrian faxismoaren altxamenduak eragindako gerra, suntsiketa eta zapalkuntzaren kezkak batu ditu. Orduan gertatutakoa oroitu eta askatasun ikur bilakatu gura dute: “Horregatik garatu ditugu orain arteko ekimen eta ekintzak, eta hurrengo hilabeetan ere garatuko ditugu”. Horiekin egiazko memoria justuan eta egungo antifaxismoan euren alea ipini gura dute. Ekitaldien artean maiatzaren 7an egingo duten Bizkargi Eguna azpimarratu dute.

“1937ko gertakarien memoria egiteko ardura gure egiten dugu, belaunaldiz belaunaldi gure Herriaren historia transmitituz. Duela 85 urteko zapalkuntzatik ulertzen ditugu gaur egun Euskal Herriak eta euskal herritarrok bizi ditugun zapalkuntzak, eta era berean, orduko erresistentzia eta borrokatik datoz egungo borroka askatzaileak eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka”, arrazoitu dute.

0 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page