top of page
Buscar
  • Akordaten

Lobek salatu dute ez dietela utzi Astrako babeslekua erabiltzen

Lobak ekimenaren hamar urteko ibilbidean zehar, "urtero" erabili ahal izan dute Astrako babeslekua "makina bat" jarduera antolatzeko. Aurten, baina, udaltzain batek jakinarazi die ez ezin direla babeslekura sartu. Espero dute berriro horrelakorik ez gertatzea, eta elkarlanerako prest daudela azpimarratu dute.


Gernika-Lumoko Lobek “tristuraz” salatu dute ez dietela utzi Astrako babeslekua erabiltzen bonbardaketaren urteurren ekitaldian. “Gaurkoa bezalako egun batean, errespetu eta sentsibilitate falta ikaragarra iruditu zaigu urtez urte egin izan dugun jarduera bat era honetara kudeatzea Gernika-Lumoko Udalak”, adierazi dute.

Lobak ekimenaren hamar urteko ibilbidean zehar, “urtero” erabili ahal izan dute Astrako babeslekua “makina bat” jarduera antolatzeko; besteak beste, memoria historikoa lantzeko erakusketak, dantzak, musika ikuskizunak, ikus-entzunezkoen proiekzioak. Diotenez, ekintza guztien artean “bereziena” izan da Astrako sirena zahara martxan jartzea, eta 4 minutu ekitaldiaren baitan hori piztu ahal izatea.

“Urtero hainbat pertsona gonbidatu ditugu Gernikako bonbardaketaren urteurrenean Astrako sirena martxan jartzera. Aurten, Ukrainatik iritsitako errefuxiatuak eta Ina Robles –Saudi Arabiara zihoan arma-kargamentu bat zaintzeari uko egin zion suhiltzailea– izan ditugu gonbidatu. Baina gaur, heldu garenean, udaltzain batek jakinarazi digu ez digutela babesleku barrura sartzen uzten, eta beraz, babeslekuaren sarreratik aktibatu behar izan dugu sirena”, azaldu dute lobek.

Arrozoiak.

Lobek uste dute babeslekuaren itxiera lekuari “balio handiagoa” emateko udalak martxan jarritako proiektu baten ondorioa dela. “Gure asmoa beti izan da babeslekuari balio handiagoa ematea, eta ondo deritzogu udalaren ahaleginari, baina zertarako balio du proiektu horrek, guk, bonbardaketa sufritu zuten pertsonen ondorengook, babeslekua erabili ezin badugu? Zertarako balio du memoria lantzeko ekimenetarako erabili ezin badugu? Eta zer zentzu dauka gaur zutik geratu diren hiru babeslekuak itxita egoteak?”, galdetu diete taldeko kideek udal ordezkariei.

Gainera, gogorarazi dute, “batzuentzat deserosoa izan arren”, Astra berreskuratzeko ahalegina egin zuten “gazteei esker dagoela zutik Astrako babeslekua”, 2006az geroztik: “Astrako babeslekua gernikar guztion ondarea da eta denok izan behar dugu hura memoria ariketak egiteko erabiltzeko aukera”.

Uste dute bonbardaketaren urtemuga “doluan bat egin eta gertatutakoaren memoria transmititzeko unea” izan behar dela, “eta ez interes propioen arabera jardutekoa”. Espero dute berriro horrelakorik ez gertatzea, eta elkarlanerako prest daudela azpimarratu dute.



2 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page