top of page
Buscar
  • Akordaten

Katu eta Manu gogoratuko dituzte zapatuan Busturiko Altamira auzoko plazan

Egiari Zor Memoria Institutuak eta Katu eta Manu gogoan Herri Babesak antolatu dute ekimena elkarlanean. Herri Babesak zapatuan salgai egongo den bi orduko dokumental bat sortu du.


Jose Luis Lekuona Katu eta Manu Urionabarrenetxea gogoratuko dituzte zapatuan, 12:00etatik aurrera, Busturiko Altamira auzoko plazan. Ekitaldia Katu eta Manu gogoan Herri Ekimenak eta Egiari Zor Memoria Institutuak antolatu dute elkarnalean.

Katu eta Manu Guardia Zibilak hil zituzten, ETAko kide zirelarik. Katu busturiarra Agustin Arregi hernaniarragaz batera hil zuten 1984an, Hernanin; Manu, Lumon jaiotako busturiarra, Juan Oiarbidegaz batera hil zuten 1989an, Irungo mugako A8 autobidearen bidesarian.

Katu eta Manu gogoan Herri Babesa orain dela lauzpabost urte sortu zen. “Orain dela bost urte hasi ginen pentsatzen Katu eta Manuren memoria arriskuan zegoela eta, beraz, zerbait egin behar genuela hori ekiditeko. Horregatik, senitartekoekin harremanetan jarri ginen, eta hemerotekaren bidez eta senitarteko eta lagunen bidez, informazioa batzen hasi ginen”, azaldu du Bittor Rueda Herri Babeseko kideak.

Herri Babesetik ekitaldia egiteko asmo argia bazeukaten ere, argi zeukaten ekitaldia talde memorialista baten eskutik egin behar zela. Argi utzi dute deialdia Egiari Zorrena dela eta diskurtsoa ere haien kargu izango dela.

Izan ere, zapatuan gogoratuko dituzten hilketen inguruan ez zela ezer ikertu diote. “Bi gertakari hauek badute zerbait komunean, hil zituzteneko gertakarien inguruabarrak gaur gaurkoz argitu ez direla. Gertatutakoaren lekukoen testigantzek eta hainbat dokumentazioren edukiak talka egiten dute heriotza hauek azaltzeko iturri ofizialek emandako bertsioagaz. Are gehiago, heriotza hauek eman ziren garaian, hainbat alderdi politikok eta jatorri ezberdinetako eragile sozialek gertatutakoa ikertu zezaten eskatu zuten, bertsio ofiziala aintzat ez baitzuten hartu”, azaldu du Egiari Zorreko Ainara Esteranek.

Egia jakiteko garaia da lelopean antolatu du ekitaldi politikoa Egiari Zorrek. Egiari Zor Fundazioak gatazka politikoaren testuinguruan Espainiako Estatuaren bortxa jasan dutenen eskubideen alde lan egiten du. Hortaz, Lekuona eta Urionabarrenetxearen heriotzei buruzko egia osoa aldarrikatzera dago bideratuta zapatuko oroimen ekitaldia.

“Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan, pertsona asko hil dira bizi izan dugun konfrontazio armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak egon dira, giza eskubideen urraketen milaka biktima sortuz. Sekretu Ofizialen Legea indargabetu behar da, egia jakiteko dugun eskubidea ezinbestez ahalbidetu behar zaigu”, salatu du Egiari Zorrek.

Herri Babesak ekitaldi politikoaren antolakuntzan laguntzeaz gain, dokumental bat ere prestatu du. Bi ordu inguru irauten dituen dokumental horretan Katu eta Manuren senitarteko, lagun edo militante kideen testigantzak batzen dira. Zazpi orduko materiala eduki dute esku artean, eta bi ordura laburtu dute, testigantza interesgarrienak bertan batuz.

Proiektua nola sortu den horrela azaldu du Ruedak, “dena hasi zen senitartekoekin harremandu ginenean. Beraiek bideratu ziguten Manu eta Katuren hurbilekoak izan zirenengana. Konturatu ginen informazio oso interesgarria atara genezakela eta bideokamera bat erostea erabaki genuen. Horrela, zazpi ordutako materiala lortu genuen. Oso interesgarria da”.

Roman gogoratuz. Katu eta Manuz gain, Roman Orbe busturitarra ere gogoratuko dute zapatuan. Orberen aurka lehergailu bat eztandarazi zuten, Miarritzen. Ondorioz, bera eta Tomas Perez bilbotarra larriki zaurituak suertatu ziren. Leherketak eragindako erreduren eta zaurien ondorioz, aste batzuetara hil zen Perez. Orbek egoera larria gainditzea lortu zuen, nahiz eta haren ondorioak izango zituen betiko.

7 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page