top of page
Buscar
  • Akordaten

Hari Gorriak lehenengo eta oraingo borrokaren aldarrikapena egingo du Bilbon ekainaren 18an

Actualizado: 13 abr 2022

Bizkaia borroka lurraldea izan dela «eta oraindik badela» aldarrikatu dute Bilbon eskainitako ekitaldian, ekainaren 18an. Ekimeneko kideek adierazi dute duela 85 urteko borrokak iraun egiten duela eta «lehiatu zuen jendearen hari gorria» jarraituko dutela.



Bizkaia Hari Gorria ekimena Durangon jaio zen duela hilabete bat eta gaur asteartean aurkeztu dute bere burua Bilbon egindako ekitaldi batean. Ekainaren 18an hiriburuan «hitzordu berezia» izango dela adieraztera eman dute, gainera.


Ekitaldian Aritz Argotek eta Maialen Cuevasek hitz egin dute eta beraiekin batera Jose Ramon Etxebarria, Tasio Erkizia, Lola Gomez, Esther Lopez eta Txutxi Ariznabarreta izan dira, aurkezpenik behar ez duten borroka ezberdinen erreferenteak.


Hizlariek «Bizkaia borroken lurralde izan dela eta badela» aldarrikatu dute. Memoria kontuan hartuta atzoko borrokak iraun egiten duela adierazi dute, ekitaldiko beste kide batzuekin batera, «gaurko lubakia xenofobiari, arrazismoari, homofobiari, matxismoari aurre egitea baita».


«Gure historian emandako borrokek zentzu osoa ematen diete gaurko mugimendu feministaren eraginari, pentsionisten erresistentziari, osasun sistema publikoaren defentsari, Korrikari edo langileen eskubide aldarrikapenei», zerrendatu du Argotek.


Ideia horri heltzen dio Bizkaia Hari Gorriak. Bizkaia hainbat gertaeren «subjektua» izan dela defendatu dute, objektua baino. Marka historikoek irakasgai ugari eskaintzen digutela adierazi dute, eta orain «duela 85 urte bezala», eskuin muturrak dakartzan «gorroto ideien aurrean antifaxismoaren balioez ohartzea» dagokigulako.


Horregatik, ekainaren 18an, Bilbo frankisten eskuetan erori zen bezpera egunean, hirian ekimen bat aurrera eramango dutela azaldu dute. Mobilizazio eta jai giro nahasketa baten bitartez, duela 85 urte Bilboko jendea zapaltzen saiatu zirenek «ez zutela lortu» erakutsi nahi dute.


«Bizkaia, borroken lurraldea»

Cuevasek ekimenean beraiekin egon diren kideak, adin nagusikoak gehienak, goraipatu nahi izan ditu, borrokaren jarraipen hori irudikatzen baitute: «Hamarkada ezberdinetan, modu anitzetan, frankismoaren aurrean, 78ko Erregimenak ezarritako giltzarrapoaren gainetik eta ilegalizaturiko ideien defentsan herri eraikuntzan borrokaturikoak pertsonen, komunitateen eta nazioen emantzipazioan gauden gehiengo zabalarentzat urtokiak direlako».


«Gure herriaren atzoko, gaurko eta biharko jarduna ezin dugu ulertu Ezkerraldeko Labe Garaien borrokarik gabe, Lemoizeko zentral nuklear edo Erandioko kutsaduraren aurkako protesta barik, gune urbanoetan euskara errotzeko egindako ahaleginak, Basauriko 11ak, Euskalduna... gogora ekarri gabe», azaldu du Argotek.


Halaber, apirilak 14 eta 17 ekarri dituzte burura, Dolores Ibarruri eta Jose Antonio Agirrerekin batera: «Eibarreko aldarrikapena, Gernikako Arbola; ‘Denok ez dugu berdin kontatzen historia’ zioen Ken Zazpi taldeak, eta egia da».


Euskal errepublikaren eraikuntza «eskubide guztiez hornituriko pertsona askeez egina» izango dela ondorioztatu dute: «Bizkaia borroken lurraldea izateak itxaropentsu egiten gaitu. Izen barik joan ziren horiengandik gaude gu hemen».


0 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page