top of page
Buscar
  • Akordaten

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak bonbardaketaren 85. urteurrena gogoan

Actualizado: 6 abr 2022

Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren eskutik hainbat ekitaldi egingo dira Gernikan bonbardaketaren 85. urteurrena gogoan.



«Egia, aitortza, memoria eta justizia aldarrikatu beharrean gara beste behin ere. Tamalez, esango nuke, 85 urte pasa baitira. Izan ere, Gernikako bonbardaketaren egia ofiziala Estatu espainiarrean Francok ezarritako bera izan zen, nahiz herriak eta borroka ezberdinek kontrakoa sortarazi duten. Oraindik orain, 2022. urtean, gezurra badirudi ere, egia aldarrikatzeko beharrean gaude», adierazi du Ibon Meñika plataformako kideak.

«Erpin askoko memoriak daude. Euskal Herrian, batez ere gatazka politikoak zeharkatu du. Memoria horretatik eratorritako ondorio ezberdinak egon badaude. Guk herri memoria aldarrikatzeko, eraikitzeko, eta modu bateratuan lantzeko motibazioari heltzen diogu», azaldu du.


Herriko eragile ugariren inplikazioa erakusten du egitasmoak. «Gernika Memoriaren Lekuko plataforman hainbat eragile gaude eta horrez gain, kultur egitarauan beste eragile batzuek gehitzen dira, beste dinamiketan agian inplikazio maila leunagoa daukatenak. Zine Klubak, esaterako, aurten 40 urte betetzen dituenak, urtero filmak proposatzen dizkigu. Aurten, bestalde, EHE ere gehitu da egitarauan. Eremu ezberdinetatik eta baita ikuspegi ezberdinetatik lantzen duten eragileen bateratzea planteatzen saiatzen gara; eta geure xumetasunean esango nuke lortzen dugula», esan du.


Gernika, zabala


Gernika kontzeptu zabala da. «Memoriaren leku eta lekuko da Gernika, baina hori baino zabalagoa den kontzeptu bihurtu da, herri honetan esanahi berezia duena. Herri baten, komunitate baten, askatasuna eskuratzeko aldarriaren bozgorailu da eta egunerokotasun handia du. Zoritxarrez, gizakiak jarraitzen du Gernika berriak sortzen. Ukrainak arreta berezia piztu du azken asteotan baina beste hainbat lekutan ere gertatzen da. Guk, gure Gernikatik, ahotsa altxatzeko beharra sentitzen dugu: Palestina, Kurdistan, Sahara, Yemen... Erantzukizunez jokatu beharko genuke orain 85 urte sarraskia pairatu genuen lekutik ‘Gernika gehiagorik ez, ez hemen, ez inon’ adierazteko. Herri, sektore, klase, genero, zapalketak pairatzen dituztenekiko atxikimendua adierazi beharko genuke», azpimarratu du Meñikak.


‘Guernica’, Gernikara


Irailean bete ziren 40 urte Pablo Picassok margotutako ‘Guernica’ New Yorkeko MOMAtik Madrilgo Reina Sofía museora eraman zutenetik. «Gernika Batzordeak urteak daramatza ’Guernica, Gernikara’ ekarri behar dela aldarrikatuz eta mezua eguneratu eta kanpaina baten bidez agendan sartzeko baliatu genuen urteurrena. Ukrainak jasaten duen egoera, esaterako, ‘Guernica’ koadroaren bitartez ordezkatzen da, islatzen da, salatzen da, zabaltzen da. Unibertsalizatua dagoen artelan batek daukan esanahiaren lekuko bihurtzen da. Edukiontzia den koadroaren edukia Gernika da –izena eta izana– eta artelanak adierazten duen sarraskiak benetan zentzua eta dimentsioa hartzen du iturburuarekin konektatzen badu, eta hori bakarrik Gernika herrian izan daiteke. Inoiz baino gaurkotasun handiagoa du honek eta guri dagokigu horri heltzea. Guk pairatu genuena munduko beste edozein lekutan gertatzen denarekin konektatzeko bitarteko bihurtu beharko genuke eta Madrilen bahitua jarraitzen duenaren bitartez nolabait gu ere bahitzen jarraitzen gaituzte; eta gure ahotsa altxatzeko beharra adierazi beharko genuke».


Ekitaldiak Apirilaren 5ean Astran (19.00etan) ‘Guernica’-ren azken aurreko bidaia’ hitzaldia eskainiko du Karmelo Landak, Arrano Kultur Elkarteak antolatutako ekitaldian. Apirilaren 20an Elai-Alain (19.00etan) ‘Guernicaren Gernikak’ izenburupean arituko da Felicitas Lorenzo, Gernika Batzordearen eskutik. Apirilaren 21ean ‘Una gran mujer’ (Kantemir Balagon) filma eskainiko du Zine Klubak Lizeoan (19.00etan) eta hurrengo egunean, toki eta ordu berean, ‘Awlad. Hesiak gainditu’ (Ane Irazabal) ikusteko aukera izango da Zine Kluba eta Gernika Batzordeak antolatuta. Apirilaren 23an, hitzordua tren geltokian da, 12.00etan. Oroimen Ibilbidea egingo da, preso errepublikarrek berreraikitako trenbidea ardatz hartuta Sareren eskutik. «Orduko eta gaurko presoen arteko lotura egingo dugu. «Orduko presoek gaur egungo Gernikaren zati handi bat berrereiki zuten eta ezjakintasuna dago horren inguruan», kontatu du Meñikak.

Eta 18.00etan Gernika-Lleida senidetze ekitaldia izango da ‘Gardeny 1938-1945 campos de tabajo forzado de represalliados en Lleida’ hitzaldiaz lagunduta. Eva Lega arituko da hizlari. Gernika Garretan Kultur Alkarteak eta Lleidako Ateneu Cooperatiu La Baulak antolatu dute ekitaldia. Apirilaren 24an Merkurion (13.00etan) ekitaldi antimilitarista iragarri dute Gernika Memoriaren Lekuko elkarteak. Eta 18.00etan Astran poesia errezitaldi musikatua egingo dute Mikel Etxaburuk, Nerea Zuluagak eta Izaskun del Canok ‘Oroitzen hondarrak nota txikietan’ izenburupean. Ipes eta Arrano Kultur Elkartea dira antolatzaileak. Hilaren 26an sirena hotsek gogoratu dute orain 85 urte Gernika suntsitu zuen bonbaketa. Merkurion, Pasilekuan eta Astran entzungo dira. Gernika Batzordea, Sartagudako Pueblo de Viudas elkartea eta Lobak dira antolatzaileak. Egun berean Foruen Plazan (21.30ean) ibilbidea egingo da kandelekin. Apirilaren 28an Astran (19.00etan) bi film laburren proiekzioa antolatu da. ‘Adabaki’ (Josu Martinez) eta ‘Egia, justizia, erreparazioa’ (Euskal Herrian Euskaraz), azken erakunde honen eskutik. Egitaraua itxiz, ‘Gernika 2037’ webgunearen aurkezpena egingo da Lobak eta Arkibairen eskutik. Hitzordua, Astran 19.00etan.


6 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page