top of page
Buscar
  • Akordaten

Gernika 1937: Egiazko memoria aitortzeko eguna

85 urte dira gaur faxistek Gernika bonbardatu, suntsitu, eta hainbat herritar hil eta zauritu zituztela. Gernika Memoriaren Lekuko plataforma urteurrena oroitzeko hainbat ekimen burutu ditu azken astean, eta gaurko ere memoria egiteko egitaraua prestatu du. Gernika-Lumoko Udalak ere ekitaldi instituzionalak egingo ditu gaur.


Iragana berreskuratzeko eguna da apirilaren 26a Gernikan, etorkizuneko Gernikari begira jartzeko eguna. Gaur, 85 urte bete dira Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazion Legionariak, Francoren aginduz, Gernika bonbardatu zutela.

85 urte geroago, gertatutakoaren egia aitortzeko eguna da, egia ozen zabaltzeko eguna, memoria egiten jarraitzeko eguna, aitortza exijitzeko eguna. Gernikan, eta mundu zabalean.

1937ko apirilaren 26an eraitsitako eraikinek, metrailatutako erraiek, bortxatutako emakumeek, erbesteratutako umeek, azpiraturiko hizkuntzak, jazarritako nortasunak, errausturiko duintasunak eta inausiriko etorkizunak oroitzen dute Gernika bizirik dagoela. Hori dio Jon Rementeriak Gernika Memoriaren Lekuko plataformari iaz egindako abestiak. Gernika Bizirik kantuak memoria historikoa lantzeak herria bizirik mantentzeko orduan duen garrantzia azpimarratzen du, eta beste urte batez, memoria historikoan sakondu dute gernikarrek.

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, kasurako, Oroimen ibilbidea egin zuten zapatuan. Herriko kaleetatik egindako ibilbidean, preso errepublikarrek eraikitako trenbidearen historian eta presoen bizi baldintzetan sakondu zuten. Bestelako ekimenak ere egin zituzten asteburuan, besteak beste, munduko gerra guztiekin amaitzeko eskatu zuten. Halaber, industria militarra erauli eta justizia soziala, bakearen kultura eta biziaren defentsarako konpromisoa sustatzen duten jarduera zibilak sustatzearen beharra azaleratu zuten.

Memoria egunero eraikitzen den “babes egitura” bat delako, apirilean zehar ere hainbat izan dira plataformak antolatuta egin dituzten ekimenak: hitzaldiak, musika emanaldiak, elkarretaratzeak… Orain arteko ekimenen balorazio “positiboa” egin dute plataformako kideek.

Atzo, gainera, errefuxiatuen joaneko bidaia islatzen duen Cecilia Zabaletaren erakusketa aurkeztu zuen Bakearen Museoak. Winnipeg itsasontzian 36ko gerratik ihesi Txilera joan zen aitona Antonio Zabaletaren bidaia kontatu du ‘Joaneko Txartela’ erakusketan.

Apirilaren 26a, egitarau hibridoa.

Gaur goizean, 1937an herriko alkate zen Jose Labauria omenduko dute Gernikazarrak eta Gernika-Lumoko Udalak haren eskulturaren aurrean, eta gero, 12:00etan, Gernika Sariak banatuko dituzte. Gernika Sariak Caltzada Egoitzako zaintzaileek eta Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligak jasoko dituzte.

14:00etan, bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenezko janaria egingo dute Jai Alai frontoian, eta gero, ohi legez, lore eskaintza egingo dute Zalloko hilerrian.

Eguneko momenturik hunkigarrienetako bat 15:45ean izango da, Lobek eta Gernika Batzordeak bultzatutako 4 minutu ekimenagaz. Ordu horretan, Ukrainako errefuxiatuek eta Ina Robles suhiltzaileak aktibatuko du sirena Astrako babeslekutik, eta Sartagudako Elkarteko kideak izango dira Pasealekuko sirena piztuko dutenak. Une horretan, herritarrek lau minutuko isilune eta geldialdia egingo dute Merkurion.

21:30etan, kandelen ibilbidea egingo dute, Foru plazan hasita.


0 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page