top of page
Buscar
  • Akordaten

Gaur dira 85 urte Gernika bonbardatu zutela

Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, lore eskaintza eta «bizirik atera zirenen omenezko bazkaria» tartean. Azken urteotako ohiturari eutsita, kanpai eta sirena hotsak adituko dira herrian arratsaldez.


1937ko apirilaren 26a. Iltzatua data, eta itxi gabea orbaina, halabeharrez, zauriaren sakona hain handia izanik. 85 urte joan dira Alemaniako Condor eta Italiako Aviazzione legioen hegazkinek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenetik. Suntsitua utzi zuten herria, erraustua. Iragan dira urteak, baina, hala eta guztiz ere, oroitzak ez dira iraungi. Urteurrena baliatuta, herritarrek zein erakundeek hainbat modutara ekarriko dute gertaturikoa gaur gogora.


Bonbardaketa izan zenean Gernikako alkate zen Jose de Labauria omenduko dute herrian, goizez, Gernikako Udalak antolaturiko programaren barrenean. Ondotik, Bakearen eta Berradiskitzearen Aldeko sarien banaketa ekitaldia eginen dute, eguerdian. Lizeo antzokian egin dute hitzordua, eta Gernikako Kultura eta Bakearen XXXII. Nazioarteko Jardunaldien parte da. Besteak beste, Europaguneak, Ehugunek, Hegoa Unibertsitate Institutuak eta EHUk antolatu dituzte jardunaldiok, Udalarekin elkarlanean. Atzo hasi ziren, eta bihar izanen dute amaia.


Gainera, elkarrekin bazkaltzeko deia egin dute herrian: «Bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenez», bazkari herrikoia izanen dute Jai Alai frontoian, 14:00etan. Bonbardaketaren aurretik entzun ziren sirena eta kanpaia hotsak aditzea ere izanen da gero, bozgorailuetan emanen baitituzte hotsok.


Bestalde, hainbat ekitaldi antolatu dira arratsalderako: hala nola, 4 minutu izeneko egitasmoa, hildakoen aldeko lore eskaintza eta kandelen ibilbidea 21:30ean. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Iñigo Urkullu lehendakaria lore eskaintzan izanen dela, bai eta hark gonbidatutako Ukrainako enbaxadako lehen idazkari Sergii Solovey ere.


Ordukoa gaur


Denboraren joanarekin batera, Gernikako bonbardaketa oroitzeko askotariko ekinbideak jaio dira Euskal Herrian. Kantuak ere sortu izan dira haren harira, eta, hain zuzen ere, musika doinuz ondutako lan baten berri eman dute orain. Bonbardaketa gogoratzeko obra sinfoniko bat sortu du Aitor Etxeberriak: Gernika 85. Ekainaren 30ean estreinatuko dute, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Gaudeamus korala eta Evelyn Glennie perkusionistarekin izanen dira agertokian.


0 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page