top of page
Buscar
  • Akordaten

Ezkabako ihesa gogoan

Sollube 707 mendizale taldeak Iruñeko San Kristobal kartzelatik duela 84 urte ihes egindako presoak omentzeko jarduerak antolatu ditu, tartean, maiatzaren 13ra arte ikusgai egongo den erakusketa bat.


Duela 84 urte, Ezkaba mendian, Iruñean, San Kristobal presondegitik ihes egindako presoak omendu gura ditu Bermeoko Sollube 707 mendizale taldeak. Horretarako, jarduera ugari prestatu dituzte. Asteon, esate baterako, lur azpitik lur azaleratuz izeneko erakusketa zabaldu dute, Arrantzaleen Kofradia Zaharrean. Erakusketa maiatzaren 13ra bitartean bisitatu daiteke.

Panel informatiboz bete dute oraingoan Arrantzaleen Kofradia Zaharra, eta Botilen Hilerria deritzona ere irudikatu gura izan dute. Erakusketak Txinparta Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako lana erakustea du helburu. Horren bidez, San Kristobalen preso egon zirenen eta Ezkaba mendi magaleko kanposantuan lurperatu zituztenen oroimena ezagutarazi gura dute.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldian Txinparta elkarteko Koldo Plak azaldu zuenez, San Kristobal Gotorlekuan errepresaliatuak izan zirenen memoria berreskuratzea dute helburu: beraien izenak, beraien historia kolektiboa zein bakoitzaren gorabeherak, beraien heriotzak eta lurperatzeak, dispertsioa… berreskuratu eta senitartekoekin zein gizarteagaz partekatu gura dute.

Erakusketan kartzela frankista baten bizi zituzten baldintza «gogorrak» erakusten dituzte: gosea, hotza, pilaketak, higiene eskasa… Diotenez, bizirik irautea zen eginkizun bakarra.

Hain zuzen ere, 1938ko maiatzaren 22an, presondegitik 795 presok ihes egin zuten; Frantziara ihes egin gura zuten. Horietatik hiruk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea, 586 berriro harrapatu zituzten eta 206 tiroz hil zituzten mendian bertan.

Ihesaldiagaz gain, San Kristobaleko presondegiak beste bereizgarritasun bat ere baduela aipatzen dute; izan ere, osasun espetxe antituberkoloso bilakatu zen.

Ezkaban bertan, iparraldeko magalean kokatuta dago Botilen Hilerria ere; Ezkabako gotorlekuan hildako presoen gorpuzkiak botila banarekin aurkitu zituzten bertan. Botilen barnean, gorpuzkiak identifikatzeko informazioa zegoen. Botiletako bakoitzean, hortaz, historia bat zegoen. Denetan, baina, ez da posible izan informazioa berreskuratzea.

2007an hasi zituzten Txinparta Elkarteko kideek eta Aranzadi Zientzia Elkartekoek deshobiratze lanak; gaur egun arte, 45 hilobi deshobiratu dituzte eta aztarnak familiei eman.

Arte Ederretako Zuzendaritza Orokorrak 2001ean Kultura Ondasun izendatu zuen, eta Memoria Gunea da gaur egun.

Hitzaldia eta irteerak. Hitzaldi bat ere antolatu dute Sollubekoek maiatzaren 13rako (barikua). Hitzaldia, hain zuzen ere, erakusketaren inaugurazio ekitaldian azalpenak eman eta Txinpartako kide den Plak eskainiko du. Arrantzaleen Museoan izango da eta San Kristobaleko memoria, guztion memoria izeneko hitzaldia eskainiko du. Aipatu hitzaldian, Josu Penades idazle bermeotarrak ere parte hartuko duela azaldu dute antolatzaileek.

Gainera, Frantziara iritsi gura zuten presoek pentsatuta zeukaten bidea egingo dute Bermeoko mendizaleek, eta hiru etapatan egingo dutela zehaztu dute. Etapa bakoitzean geldialdiak egingo dituzte ihesaldian parte hartu zuten presoak gogoan izan eta haiei omenaldi «txikiak» egiteko. Hala, krabelinak erabiliko dituzte, eta kantu desberdinak abestuko dituztela azaldu dute: lehenengo etapan, Txoriak Txori; bigarrenean, Agur Jaunak; eta hirugarrenean, Xalbadorren heriotzean.

EGITARAUA

Erakusketa Maiatzaren 13ra arte. – Astelehenetik barikura, 09:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara eta zapatuan eta domekan, 09:30etik 14:30era bitartean, Arrantzaleen Kofradia Zaharrean.

Hitzaldia Maiatzak 13, barikua. – 19:00. San Kristobaleko memoria, guztion memoria izeneko hitzaldia eskainiko du Koldo Pla Txinpartako kideak, Arrantzaleen Museoan.

Irteerak Maiatzak 21, zapatua. – Ezkaba-Olabe; 14 kilometro. Ekainak 1, zapatua. – Olabe-Saigots-Bidegurutzea; Donejakue bideraino. 19,29 kilometro. Ekainak 19, domeka. – Donejakue bidetik, Sorogain-Urepele. 21 kilometro.

0 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page