top of page
Buscar
  • Akordaten

Espainiako Gobernuak lehenengoz «gaitzetsi» du Gernikako bonbardaketa

Ez du barkamenik eskatu, hainbat agintarik eskatzen zutenaren kontrara. Orain arte, Espainiako Gobernuak ez du aldatu frankismoak bonbardaketaz egindako bertsioa.


«Adierazpen instituzional honen bidez, zeinak Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egiten duen, Espainiako Gobernuak uste du herri horrek 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketak aringarririk gabeko gaitzespena merezi duela»: hala adierazi du Espainiako Gobernuak, Felix Bolaños Presidentetza ministroak izenpetutako adierazpen batean, Gernika-Lumon (Bizkaia) bonbardaketaren urteurrena oroituko duten egun berean. Ez du barkamenik eskatu, hala ere, eta hori eskatu diote hainbat agintarik Madrili azken egun eta orduetan.


Gobernuak adierazi du «berritu» egin duela «Espainiako gizarteak biktimekiko eta haien senideekiko duen aitortza». Horrez gain, «biktima guztien memoriari konpromisoa» agertu dio, baita bizirik atera zirenenari ere. «Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» berretsi ditu, baita «bakearen iraupenari lagunduko dion memoria komun bat» eraikitzeko asmoa ere.


Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak txio bat idatzi du Twitter sare sozialean. Hegazkin nazi eta faxistek Gernika bonbardatu zutenekoa «Gerra Zibileko gertakari krudelenetako bat» izan zela adierazi du, eta 85 urte geroago «gogoan» dituztela eguna bera eta orduan hildakoak. «Memoria ezinbestekoa da gizarte demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko», amaitu du.


Espainiako Gobernuak bonbardaketak oroitzeko ekitaldi batera lehenengoz ordezkari bat bidali duen egun berean zabaldu dute adierazpena. Fernando Martinez Lopez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria Gernika-Lumon (Bizkaia) da gaur, alemaniarren eta italiarren hegazkinek herria bonbardatu zutela 85 urte direla oroitzeko ekitaldietan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasorekin batera. 11:00etan hasi dira ekitaldiak gaur, Gernikan. Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetaria ari da sare sozialetan hango berri ematen:


0 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page