top of page
Buscar
  • Akordaten

Añetu ekimena antolatu du zapaturako Akordaten herri dinamikak

Bi ibilbide egingo dituzte, Busturiko Altamira eta Goierri auzoak Añetumendirekin lotuz; luzeena 09:00etan abiatuko da Altamirako plazatik, eta laburra 10:00etan aterako da Larrazabaleko eskolatik. Añetuko ekitaldia 12:00etan izango da, eta autoz ere iritsi daitekeela esan dute.


Apirilean aurreratu bezala, zapaturako antolatu du Busturiko Akordaten herri dinamikak lehenengo ekimena, eta Busturiko Añetumendin batuko dira horretarako, 12:00etan. Izan ere, duela 85 urte, maiatzaren 6an, ANVren lehenengo batailoia ia osorik desagertu zen faxisten erasopean. Jakitera eman dutenez, Sollubeko batailaren barruan gertatutako beste sarraski bat izan zen Añetukoa; “80 gudari inguruk galdu zuten bizitza faxistak uxatu guran”.

Ekitaldiaren bidez, faxismoaren aurka borrokatu zuten gudarien memoria egin gura du Akordaten herri dinamikak, orain arte Busturian egin ez den bezala, “biktima gisa barik erresistente modura”. Izan ere, diotenez, ANVren batailoi horrek ez zuen amore eman: “Modu heroikoan, Añetu mendiaren kokapenari eusten ahalegindu zen, eta ia desagertarazi arren, salbatu zirenek Asturiaseraino jarraitu zuten borrokan, Bizkargi galdu ostean”.

Zapatuan, gainera, Sollubeko bataila eta Busturiko ondare natural, etnografiko, historiko eta arkitektonikoa batzen dituen bi ibilbide egingo dituzte, Busturiko Altamira eta Goierri auzoak Añetumendirekin lotuz. Ibilbide horietako bat 14 kilometrokoa da; 09:00etan abiatuko da Altamirako plazatik. Bestea, berriz, laburragoa da, 8 kilometrokoa; Goierriko Larrazabaleko eskolatik aterako dira, 10:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi martxek bat egingo dute Larrazabaleko lubakien parean, gero, 12:00etan Añetu ekimenean parte hartzeko. Bi martxak oinez “modu errazean” egiteko modukoak direla diote antolatzaileek. Hala ere, ekitaldia egingo duten “oroimen gunera” autoz ere iritsi daitekeela aipatu dute.

3 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page