top of page
Buscar
  • Akordaten

Akordatzea esnatzea delako

Faxismoaren aurka borrokatu zuten gudarien memoria egin gura duen Akordaten herri dinamikak bere lehenengo ekitaldia egin du gaur: Añetu ekimena. Besteak beste, lekukotasunak hartzeko konpromisoa hartu dute.



Sollubeko batailaren testuinguruan, duela 85 urte, maiatzaren 6an, ANVren lehenengo batailoia ia osorik desagertu zen faxisten erasopean, Busturiko Añetumendin, eta hildako 80 bat gudari horiek gogoan, bertan egin du ekitaldia sortu berri den Busturiko Akordaten memoria taldeak, gaur eguerdian [maitzak 7].



Horren aurretik, mendi ibilbidea egin dute goizean. Izan ere, bertan hildako gudariei buruz ezer ez jakiteak harrituta, Busturiko geografia zein historia egungo errealitatearekin uztartzeko asmoz, zenbait proiekturi ekin zieten. Besteak beste, kontzientziak piztea da euren helburua: “Ia ez dakigu ezer orain dela 85 urte Sollubeko batailan gertatu zenaz. Akordaten aditzak itzarri eta gogoratzea esan gura du Busturian, Sarrionaindiak gogorarazi zigun moduan, eta guk harridura hori aprobetxatu gura dugu kontzientziak esnatzeko. Ezjakintasun horrekin lotsatuta hasi ginen gure artean hainbat proiektu martxan jartzen, baina gure ekimena ez da birtuala. Horregatik, Busturiko geografia zein historia egungo errealitatearekin uztartu nahi ditugu”. Horretarako, zenbait ibilbide diseinatu dituzte, Sollubeko bataila eta Busturiko ondare natural, etnografiko, historiko eta arkitektonikoa batuta: “Orain dela 85 urte, hemen 80 gizon inguru hil ziren, ANVren batailoia ia desagertu arte. Gure ustez, hauxe faxismoari aurre egitea zer denaren adibide eredugarria da”. Horregatik diote “erresistenteak zirela”, eta horregatik, erresistentziaren lubakia osatu nahi dute, “lorez barik harriz osatutako trintxera”. Hain zuzen, gaur hasi dira hori eraikitzen; lubaki sinbolikoa irudikatu dute, eta harresia apurka-apurka osatzen joateko, jendea bertatik pasatzen denean harriak pilatzen joatea gura dute. Jendeak bere zergatia ezagutu dezan, informazio-ohol bat ipintzeko asmoa daukate.



Diotenez, Sollubeko batailaren ezaugarri nabarmen edo esanguratsuenetako bat da bertan borrokatutakoek erakutsi zuten batasuna. “Hamar bat batailoi egon ziren, askotariko ideologietakoak: CNT, PNV, ANV, UGT, Asturiasetik eta Kantabriatik etorritako milizianoenak… Horien artean batasun bat sortu zen faxismoari aurre egiteko. Hori da Sollubeko batailatik atera behar den ikasgai bat”, azpimarratu dute.


Hala, euren asmoa elkarlanean jardutea da: “Elkarlana bultzatzea da gure asmoa. Lekukotasunak hartuko ditugu, baina gehien bat interesatzen zaiguna da Sollube inguru honetan dauden herri guztietako memoria historikoko taldeak zein gaian interesatuta dagoen jendea elkarlanean jartzea. Azken finean, Sollube ez da Busturia, ez da Bermeo, ez da Gernika; inguruan gauden herri guztiona da, Sollubek batzen gaitu”.



Euren ekimena kritikoa dela gogoratu dute: “Herri mugimendua gara, ez dugu etekin alderdikoirik atera nahi. Ez dugu amore emango egia jakin eta hildako guztien gorpuzkiak atera arte, beraien memoriari justizia egin arte”. Eta zeregin horretan laguntzeko prest dauden guztiek ateak zabalik dituztela esan dute: “Gure ustez, oso ulergaitza da Euskal Autonomia Erkidegoan alderdi nazionalista bat 40 urtetan gobernatzen egon ostean, euskal mendiak oraindino gorpuzkiekin beteta egotea”.


Herri ekimenek egindako lanari erakundeetatik balioa ez ematea, eta era berean, izkin egitea kritikatu dute: “Gernika-Lumon Lobak-ekin gertatu zen moduan, erakunde publikoek gutxiesten dute elkarte horrek egindako lana eta bere ibilbidea, hori ez da onargarria“. Zorionez, beste aldea, ifrentzua, ere badagoela goraipatu dute, eta horren adibidea eman dute, Anton Gandarias busturiarrarena, hain zuzen: “Bere denbora eta diruagaz, bere osabaren memoria gordetzeko lan eskerga egin du. Eredugarria da, eta, konpromisoa daukazunean, inplikazio pertsonalagaz eta egiarekiko maitasunagaz lortu daitekeena erakutsi digu. Gu gara motorea, eta ezin diogu izkin egin gure ardurari”. Bertan egon da Gandarias, eta ekitaldian elkartutakoen artean izan dira, besteren artean, Francisco Meaza Agirregoitia gudariaren senideak, Jon eta Marian Meaza lobak ere.


Lekukotasunak hartzeko konpromisoa hartu dute. Bertan zer gertatu zen hurrengo belaunaldiei helarazteko bitartekoak jarriko dituzte, “birtualak eta materialak”. Horretarako, webgunea sortu dute, eta sare sozialetan –Instagram kontua eta Facebook orrialdea dituzte– ere badaude. Horietan jasoko dituzte batutako eta sortutako informazioa.



Hari Gorria


Elkarlanean egindako beharrak hurrengo urteetan emaitza emango duelakoan daude. Horri deitu diote Hari Gorria: “Bizkaia guztian zehar Hari Gorri bat dago. Lehengo borrokak erreibindikatzen ditugu, baina ez modu abstrakoan, baizik eta, uste dugu, lehengo borrokek gaurko borrokak ekarri dituztela. Faxismoari Solluben aurre egitea, Lemoizko borroka da, Euskalduna eta LABen borroka da, Basauriko 11 emakumeen aurkako epaiketarena da, Burgoseko epaiketarena da… Gu gara haien lobak, ez gara neutroak, ideologiarik gabekoak. Ideologia daukagu. Mundu justu eta askeago baten alde egin eta ekin duten ameslari horien lobak garelako, atzokoari jarraituta, gaurko eta biharko Bizkaia eta Euskal Herria eraikitzeko guri dagokigu Hari Gorri horri segida ematea. Hori da gaur eta hemen hartzen dugun konpromisoa”.


Hari Gorriak lehengo eta oraingo borrokaren aldarrikapena egingo du Bilbon ekainaren 18an, eta harako deialdia luzatu dute gaurko Añetu ekimenean bildutakoek.



26 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page