top of page
Buscar
  • Akordaten

Akordaten memoria historikoa "modu kritikoan" lantzeko sortu da

Lurpean dagoen memoria historikoa loratu eta azaleratu gura du herri dinamikak. Lehenenengo ekitaldia maiatzaren 7rako antolatu dute, Busturiko Añetu tontorrean.


Memoria historikoa «modu kritikoan» lantzea helburu daukan Akordaten herri dinamika eratu dute Busturian. Kideen iritziz, herri mugimendua da lan hori egiteko modu bakarra: «Garrantzitsua da, askotan ikusi baita erakunde publikoek ez dutela lan hori behar den bezala bermatzen, beti egoten da momentuko gobernuaren menpe, eta gainera, helburu politikoetarako erabiltzen da, ez da modu parte hartzaile eta demokratikoan egiten». Gainera, herritarrekin elkarbanatu barik, ekimenak antolatzen direla diote, «ospakizunak modura, eta biktimak eta haien senideak atontzeko baino ez daude».

Uste dute memoria berreskuratzeko modu asko daudela: «Orokorrean, askotan, jarrera akritikoa ikusten da, hau da, biktimei gorazarre egiten zaie, baina ez da aztertzen biktima horiek defendatzen zuten idearioa; zergatik izan ziren erahilak, nortzuk egin zuten, eta haien borroka horrek gaur egun zer nolako zentzua daukan. Erakundeek ez dute ikuspegi kritikoa bermatzen, iraganeko gertaerak modura aurkezten dituzte. Guretzat hari gorri bat dago; 36ko gerra eta faxisten altxamendua eta gero, gure herrian sortu ziren konplizitate guztiak ondino aztertzeko daudela uste dugu».

Anjel Lekuonaren kasua ekarri dute gogora, «oso adierazgarria» delako: «Lan eskerga egin da bere gorpuzkiak aurkitzeko eta berak egindako ibilbide politiko-militantea berreskuratzeko;. Baina, dena izan da beren senideen lanari esker, ez erakundeei esker, horiek lagundu ahal dute, gehiago edo gutxiago, komeni bazaie, baina, benetan gogoan edukitzekoa dena zera da, askatasunaren alde Anjelek borrokan egindakoa».

Gogorarazi dutenez, senideek ez dute bere filiazio politikoa argitzeko zantzurik aurkitu: «Komunista, abertzalea, anarkista ote zen ez dakigu, baina eztabaidaezina da harek izan zuen erresistentzia jarrera; izan ere, euskal frontea jauzi ostean, ez zuen amore eman eta Kataluniara joan zen, eta herrialde hori faxisten esku jauzi zenean ez zen desmobilizatu, nazismoaren aurkako borrokan jarraitu zuen, Makien mugimenduan edo. Honek argi erakusten du bere konpromiso internazionalista eta antifaxista. Eredugarria da gaur egun bizi duguna ulertzeko».

Horregatik diote modu kritikoan ikusi behar direla gertaera historikoak, «eta ez egungo injustiziak justifikatzeko modu adeitsuan». Akordaten herri dinamika eratu dutenentzat Lekuonaren garaitik gaur eguneraino hari gorri bat dago: «Mundua aldatzeko grina, langileen borroka batzen duena». Sarri askotan, memoriaren irakurketa «partidista eta oportunista» izaten dela deritzote: «Askok momentuko argazkia bilatzen dute». Sortu berri den herri dinamikak, baina, lurpean dagoen memoria historikoa loratu eta azaleratu gura du, «benetan gertatu zena erakutsiz»: nortzuk ziren, zer sentitzen zuten, zergatik egiten zuten egiten zutena… lantzeko eta jakitera emateko asmoa daukate.

Besteak beste, galzorian egon daitezkeen materialak berreskuratu gura dituzte

Profil desberdineko sei lagun inguru batu dira herri dinamikan, baina ateak zabalik dauzkatela argi utzi gura izan dute. Helburu «oso xumeak» dauzkate. Lehenik eta behin, informazio bilguneak eratu gura dituzte Busturiko memoriari dagokion guztia batzeko, «sakabanaketa handia dagoelako».

Hala, webgunea eta facebook kontua (@akordaten) ireki dituzte; sareetan memoriagaz lotuta aurkitu duten informazioa dago horietan, batez ere, Busturikoa. Hala ere, ez dute sareetan bakarrik lan egin gura. Galzorian egon daitezkeen materialak berreskuratu gura dituzte, eta horretarako lan ildo ezberdinak aurreikusten dituzte. Batetik, ingurune fisikoan lan egitea dute asmo, «lubakiak eta toki esanguratsuak berreskuratzeko», eta bestetik, inmaterialari garrantzia eman gura diote, lekukoen testigantzak, material grafikoa… hartuta, «oraindik ere herrian badaudelako kontatzeko gauzak dituztenak». Ahalik eta arinen egin behar dugu hori».

Jakitera eman dutenez, 8, 14 eta 20 kilometrotako mendi ibilbideak diseinatu dituzte Wikiloc bidez, eta jendearen eskura daude, «Sollubeko bataila eta Busturiko ondare natural, etnografiko, historiko eta arkitektonikoa batuz».

Sollubeko batailaren baitan

Lehenengo ekimena maiatzaren 7rako daukate aurreikusita. Añetu mendiraino egingo dituzte mendi ibilbideak–laburra eta ertaina–. Ondoren, Añetun egingo dute ekitaldia. «Duela 85 urte, maiatzaren 6an, ANVren lehenengo batailoia ia osorik desagertu zen faxisten erasopean. Sollubeko batailaren barruan gertatutako beste sarraski bat izan zen; 80 gudari inguruk galdu zuten bizitza faxistak uxatu guran», azaldu dute.

Horren bidez faxismoaren aurka borrokatu zuten gudarien memoria egin gura dute, orain arte Busturian egin ez den bezala, «biktima gisa barik erresistente modura». Izan ere, diotenez, ANVren batailoi horrek ez zuen amore eman: «Modu heroikoan, Añetu mendiaren kokapenari eusten ahalegindu zen, eta ia desagertarazi arren, salbatu zirenek Asturiaseraino jarraitu zuten borrokan, Bizkargi galdu ostean, lehen aipatu dugun Anjel Lekuonak egin modura».

Akordatenen asmoa egungo erresistentzia, egungo borrokak, eta lehengoak loturik daudela adieraztea da: «Faxismoa, autoritarismoa, eskubideen urraketa, euskal nazioaren aldarrikapena, langileen borroka, emakumeen zapalkuntza… gure errealitatearen ezaugarriak diren horiek, lehengoekin lotuta daude, hari gorria deritzogunaren bidez».

Añetun gertatutakoa herrian «ahaztuta» egon denez, hortik hasi gura dute; «txinparta bat biztu gura dugu, su handiagoa egiteko».

Informazio bilguneak eratu gura dituzte; facebook kontua eta webgunea dituzte

Herri dinamikako kideek elkarlana bultzatu gura dute eta jada dauden dinamiketan parte hartu. 36ko zazpi fusilatuen kasua aipatu dute: «Horien memoriaren berreskurapenak une ezberdinak bizi izan ditu herrian. Bere momentuan monolito bat jarri zuten, eta ostera, zenbait senideen ingurutik sortu zen herri ekimena. Baina azken urteetan beste joera bat ikusi da. Alderdikeriaz hasi zen, eta gero Memoriaren Udal Batzorde baten sorreraren dinamikagaz zuzendu zen. Baina zer gertatu da batzordeagaz? Guk ez dugu ikusten Busturiko zazpien memoria gordetzeko elkarbanatutako ekimenik, bakarrik oso sinbolikoa den ospakizun bat, uneko gobernuaren iritziaren araberakoa».

Horregatik guztiagatik, euren ustez, «ezin argiago» dago herri ekimenaren beharra, «alderdikeriaz haratagoko jarrera independente batena, kargu publikoen promoziorako ez dena».

Transmisioaren garrantzia ere aipatu dute, gauza asko dokumentatuta dauden arren, horiek transmititzen jakin behar delako, ondorengoek zer gertatu zen jakin dezaten: «Horren falta ere badagoela uste dugu».

Ez dakite noraino iritsiko diren, baina pausoa emanda daukate, eta «gauza piloa» atera dituzte; «zorte apur bategaz gehiago ateratzea espero dugu».

Herri dinamikaren izena ere, berezia da, Akordaten: Gogoratu zein esnatu esateko erabiltzen baitute Busturian akordaten. Hala, historia esnatzera eta gogoratzera datoz.

10 visualizaciones0 comentarios
Publicar: Blog2_Post
bottom of page